Urriaren 31n Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatuko dugu, duela urte asko galtzen hasitako baina pixkanaka berriro biziberritzen ari garen euskal ohitura zaharra. Garai batean, gau honetan, hildakoen arimak gogoratzen ziren, eta arbi edo kalabazen barruan kandelak pizten ziren, arimen bidea argitzeko eta espiritu txarrak uxatzeko. Umeak etxez etxe ibiltzen ziren kantuan, janaria edo gozokiak eskatzen, arimen izenean.
Horregatik, aurten ere gure Gau Beltzari bizia eman nahi diogu: mozorrotuta irten, gozokiak partekatu, eta gure herriko kaleak alaitasunez eta tradizioz betez.
Arratsaldean, 17:30tatik aurrera, herriko haurrek Gaztelekura joan eta bertan, aurpegiak margotzeko aukera izango dute. Ondoren, etxez etxe ibiliko dira eskean.
Beraz, parte hartu nahi duzuen guztiok, izan itzazue prest etxeetan goxokiak, intxaurrak, gaztainak, sagarrak… umeei emateko eskean joaten direnean.



