ERRIGORAk Nafarroa Hegoaldeko produktuak eta euskara sustatzen ditu. Nafarroa Hegoaldeko kontserbak, olioa, lekaleak, pasta, arroza eta ardoa nekazariek ekoizten duten prezio berean eros daitezke, gastu gehigarririk gabe, banaketa auzolanean egiten baita. Amezketan bertan, Zazpi Iturri Elkartean jaso daitezke kaxak.

Eskaera egiteko epea martxoaren 10etik 26ra bitartean izango da, https://www.errigora.eus/ webgunean bertan; eta eskatutako guztia maiatzaren lehen hamabostaldian iritsiko da herrira.

ERRIGORA 10 urte baino gehiago dituen egitasmoa da, eta bertan parte hartzen duten ekoizle eta kontserba-enpresa guztiek lau baldintza bete behar dituzte: produktuak Nafarroan bertan ekoitzi behar dituzte (ez du balio munduko beste leku batean ekoitzi eta hemen ontziratzeak), euskararen aldeko urratsak eman behar dituzte (Nafarroa hegoaldeko enpresen errotuluak eta webguneak euskaratzen ari dira, pixkanaka-pixkanaka), Errigorak antolatzen dituen auzolanetan parte hartu behar izaten dute, eta nekazariekin bidezko harremana izatera behartuta daude (gutxieneko prezio batetik gora ordaindu behar izaten diete nekazariei, lana duin egin dezaten).

Errigora balioekin bat egiten du Amezketak ere, eta egitasmo honek erakusten digu badagoela beste modu bat, modu bidezkoago eta jasangarriago bat. Horren adibide da modu ekologikoan ekoitzitako zenbait produktu azkar agortzen direla, hau da, ekoizleek ezin diote Errigoraren bidez iristen den eskaera guztiari erantzun. Horrek dakar ekoizleek bertakoaren alde apustu egitea, eta makina gehiago erostea, lur gehiagotan ekologikoan ekoizten hastea, eta, pixkanaka bada ere, eskaintza ugaritzea; bai kantitatez, baita produktu berriak ekoiztera animatuz ere.

Txikitik eraginez ere aldatu daiteke mundua. Gaur egunean, Nafarroan ekoizten den oliba olio birjina extraren 10 litrotatik bat Errigoraren saltzen da. Hori adibide bat baino ez da. Animatu, eta eskatu zurea berandu izan baino lehen.