Badira hilabete batzuk “Baserria eta Amezketa, elikadura baino +” parte-hartze prozesua abian jarri genuela. Atarian erreportai bat atera genuen, baserritarrekin bildu ginen, herrian galdetegi bat pasa genuen… eta geroztik talde motor bat lanean aritu da gai honen inguruan.

Denbora honetan hurrengo galderak egin dizkiogu gure buruari:

Nolako produktuak kontsumitu nahi ditugu? Kanpotik datozen produktuak jan nahi ditugu? Pabiloi handietan sartuta bizi diren animalienak? Edo gure herriko zelaietan hazten diren animalienak?

Zer egin dezakegu gure herriko produktuak eskuratzea errazagoa izan dadin?

Nolako Amezketa nahi dugu etorkizunean? Baserriak martxan nahi ditugu?

Zer gertatuko herri txikietako denda txikiekin? Herri handien menpeko bihurtu nahi dugu edo herrian bertan dendak edukitzen jarraitu nahi dugu etorkizunean ere? Eta tabernak? Jatetxeak?

Galdera hauen erantzunak izango dira Amezketaren etorkizuna irudikatuko dutenak, eta gu ez gaude etsipenean erori eta herri hil bat bihurtzeko prest. Egoera zaila izanagatik ere, etorkizuneko Amezketan baserritarrak, dendak, azoka… izaten jarraitu nahi dugu eta horretarako lan egiteko prest gaude.

Zu ere galdera hauek kezkatzen bazaituzte, irailaren 25ean egingo dugun bilera irekira gonbidatzen zaitugu, bertan emango baititugu orain arte egin dugunaren eta hurrengo hilabeteetan aurreikusten ditugun pausoen inguruko azalpen gehiago.

IRAILAK 25, OSTEGUNA. 18:30EAN KULTUR ETXEAN

Besterik gabe, agur bat.

BASERRIA ETA AMEZKETA,

ELIKADURA BAINO +