Urtarrilaren 29an aurkeztu zuen Amezketako Udalak herriko baso publikoen kudeaketa plana. Hamar urterako ikuspegia duen plan honek helburu argia du: Amezketako basoen osasuna, aniztasuna eta iraunkortasuna bermatzea. Jada lehen pausoak eman dira, eta dagoeneko egin dira lehenengo lanak.
Aurreko urtean, Udalak lursail berri bat erosi zuen. Hasiera batean jabetza pribatukoa zen lursail honek pinu landaketa bat zuen, baina ez zuen behar bezala aurrera egin pinuak. Herri lurrez inguratutako lursaila da eta, gainera, bertatik igarotzen da Larrondoko asketara doan ura eramaten duen tuberia. Arrazoi horiek guztiek, erosketa, estrategikoa bihurtu zuten, eta udalaren esku geratu da orain.
Lursail horretan bertako gaztainondoen landaketa egin da, eta foru aldundiko basozainekin elkarlanean, inguruko zuhaitz zaharren mentuak erabiliz txertaketak egiteko asmoa dago. Honen helburua gaztainondoek sufritzen dituzten gaixotasunei aurre egiteko saiakera egitea da, tokiko espezieak indartuz eta biodibertsitatea zainduz.
Horrez gain, ondoko lursail batean, gaixotuta zegoen larizio pinua kendu da, eta haren ordez ametz sail berri bat landatu da. Udalak garrantzia ematen dio Amezketan ametz sail berria egoteari, bai ikuspegi ekologikotik, bai paisaiaren balioaren aldetik eta baita AMEZKETA izeraren jatorriari dagokionez ere.
Lan hauek guztiak Amezketako Udalaren konpromisoaren erakusle dira: bertako basoak eta espezie autoktonoak berreskuratzea eta etorkizunerako baso iraunkorrak sortzea da helburua. Amezketako natura zaindu eta indartzea guztion ardura da, eta bide honetan elkarrekin jarraituko dugu.