EUSKARAZ IRAKURTZEN OHITU ETA GOZATU NAHI?
Irakurle taldearen 2026ko ikasturteari eman diogu aurten ere hasiera. Dagoeneko hogei urtetik gora daramatzagu Amezketan euskaraz idatzitako liburuak irakurtzen, eta irakurri duguna edo ez duguna idazlearekin partekatuz, geure kabuz jasotakoa aberasten eta horrekin gozatzen. Egia da, maiz, horrelako proposamenak urteak egin ahala indarra galtzen joaten direla, baina Amezketan irakurle taldeak egindako bidea iraupen luzeko kultur ekintza bihurtu zaigu, indartsu dirauena.
Egun, taldean, gutxienez hamahiru partaide bagara, eta hori Amezketa baterako ondo dago. Baina gehiago nahi dugu. Ziur gaude jende gehiagori maiz pasa zaiola burutik galdera: eta ni zergatik ez? Ni ere hasiko banintz? Baina azkenean, bultzada txiki baten faltan-edo, ausartu ez.
Horretaz, zu ere irakurle-taldetxora gonbidatu eta animatu nahian, Udal APP honetatik mezu hau bidali nahi dizugu: ez dago derrigorrez hautatutako liburua irakurri beharrik jarritako egunerako (bakoitzak bere erritmoa eta denbora librea du), hor gabiltzanok ez gara jakitun handiak, idazlearen argibideekin asko ikasten eta gozatzen da, ez da ezer ordaintzen, ez dago izenik eman beharrik eta batez ere gauden taldean oso ondo pasatzen dugu. Eman ote dizugu falta zitzaizun bultzada? Hala espero.
Esan bezala, irakurtzen ditugun liburuen egileak gonbidatzen ditugu tertuliara, eta horrek dakarren kostu ekonomikoa Amezketako Udalak ordaintzen du, Euskal Kulturaren hedapenaz eta zabalkundeaz arduratua baitago, hau da, duen egitasmoaren edo programaren barruan sartzen baita gure hau. Izan ere, amezketar gehienok jakin badakigu euskara, baina, herren gabiltza euskaraz erraztasunez irakurtzeko trebetasunen alorrean. Jakin dezagun: Euskaldun alfabetatu izatean, geure burua aberasteaz gain, euskara eta euskal kultura aberasten ditugu.
Ikasturtea urtarriletik maiatzera luzatzen da. Beraz, bost liburu irakurtzen ditugu. Ekimen honekin euskaraz irakurtzeko ohitura sustraitzea dugu lehen helburutzat, horrek dakarren gozamena geure egitea alboratu gabe.
Beraz, ohiturari jarraituz, igaro berri dugun astean hautatu dugu lehen irakurliburua: “HETERO” Uxue Alberdi idazlearena. Hilabete izango dugu irakurtzeko, eta idazlearekin urtarrilaren 15ean bilduko gara Pernando Amezketarra Kultur Etxean, jubilatuen txokoan. Gonbidatuta zaude.


