Amezketako Udalak azken aste hauetan herrian gertatzen ari diren zenbait ekintza desegoki salatu nahi ditu, egoera jasangaitza bihurtzen ari delako.

Frontoiko komunetan paper bustia sabaira bota eta itsatsita, komunen zuloetan arropa sartuta, komunen “bonbak” hautsiak, eta armairuaren sarraila zein bisagrak indarrez apurtuak agertu dira.

Horrez gain, herriko plazan eta parkean lurrean pilatzen dira pipa azalak, urarekin erabilitako globo-zatiak eta oro har, zaborra, honek, haur txikiak dabiltzan eremua izanik, dakarren arriskuarekin.

Kaleko bi frontoietan ere egoera kezkagarria da: lurrean botilak, plastikozko poltsak, janari-hondakinak eta bestelako zaborra agertzen dira behin eta berriz.

Eskola eremuko futbol zelaian antzera: pipa azalak, botilak, poltsak eta janari-hondakinak dira nagusi.

Gertaera hauek guztiek erakusten dute utzikeria eta errespetu falta nabarmena dagoela, ez soilik udal instalazioekiko, baizik eta beste herritarrekiko eta udal langileekiko ere bai.

Ez da onargarria! Are gutxiago kontuan hartuta zabor-ontziak eremu horietan ondoan eta eskura daudela.

Udalak argi eta garbi adierazi nahi du: egoera honek horrela jarraitzen badu, eta errespeturik gabeko portaerak errepikatzen badira, eremu publiko horiek ixteko erabakia hartuko duela. Herritar guztien artean eraiki behar dugu bizikidetza, eta udala ez da inolaz ere horrelako jarreren aurrean isilik geldituko.

Denona da herria, denon ardura da zaintzea.

IKUSI BIDEOA 1

IKUSI BIDEOA 2