Amezketako Udalak 2025. urtean 1.754.785 €ko aurrekontua izango du; hala onartu zuen Udalbatzarrak abenduaren 26an egindako ohiko osoko bilkuran, aho batez. Udalbatzarrak hasierako onespena eman eta gero, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean onespenaren iragarkia argitaratu zen, aurrekontuaren espedientea denen aurrean ikusgai egon da udaletxeko bulego nagusian.
Aurrekontuaren egitura bi ataletan banatzen da: diru-sarrerak eta gastuak. Diru-sarreren atalari dagokionez, % 72 inguru Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantzaziorako Fondotik eta beste administrazio publikoetako dirulaguntzetatik datoz, % 25 udal zerga eta tasetatik, eta azkenik % 3 bestelako sarrerak dira. Gastuaren atalean, berriz, kapituluka proportzioak honakoak dira: % 26 inguru udal langileen ordainsariei dagokio, ia % 36 ondasun eta zerbitzuei (argindarra, gasa, ura, adinekoen etxez etxeko laguntza zerbitzua, jubilatuen txokoko memoria eta gimnasia tailerrak, gaztelekua, baserri bideen bazterren garbiketa zerbitzua, herriko berdeguneetako lorezaintza zerbitzua, zabor bilketa eta abar luze bat), % 8 pasatxo diru- transferentzia edo dirulaguntzak dira (Akelok Guraso Elkartea, Zazpitturri Pelota Eskola, Elordi Jubilatu Elkartea, Ataria, Galtzaundi, Harituz Bertsozale Elkartea, Tolosaldeko Zaborren Mankomunitatea, Enirio-Aralar Mankomunitatea…) eta azkenik, inbertsiotarako aurrekontuaren % 25 erantsi behar zaio.
Amezketako 2025eko Aurrekontuako inbertsioetan herriko hainbat azpiegitura eta zerbitzu hobetzeko lanak aurreikusi dira. Alde batetik, aipatu behar da 2022an eskola inguruan aparkaleku berri bat egin zela eskolako sartu-irtenetan sortzen ziren arazoak konpontzeko. Garai hartan Hezkuntzarekin eskolaren leku aldaketa hitz egiten ari zen Udala, Ur Agentziak uholdegarritasunagatik ez zuelako eskolak bertan berritzea ontzat ematen. Momentuko behar hari erantzuteko Udalak alokairuan hartu zuen aparkaleku berria kokatzeko lursaila. Orain, uholdegarritasun legeak aukera ematen du eskolak dauden lekuan berritzeko, beraz, aparkalekuari ere behin-betiko irtenbide bat eman beharko zaio. Honetarako 20.000 euro aurreikusi dira. Honez gain, Ugarten ere aparkaleku arazo larria dagoela jabetuta, beste 20.000 euro aurreikusi dira Ugarterako. Espaloi asko hautsita daude eta segurtasun arazoak sortzen dituzte. Hauek berritzen jarraitzeko ere 20.000 euro aurreikusi dira. Ondarreko langara doan bidean eta Larrondora doan bidean hobekuntzak egiteko 10.000 euroko partida sortu da. Baserri bideak berritzera 70.000 euro bideratu dira, Zumadi eskolan hobekuntzak egitera 50.000 euro. Beltzaren plazaren ondoko parkean falta diren barandak berritzeko 8.000 euro, Gimnasioko makinak berritzeko 20.000 euro, Ugarteko elkartean parrilla berria jartzeko 5.000 euro, landa eremuko lurren digitalizazioarekin jarraitzeko 25.000 euro, Bidegorriko falta den zatia ordaintzeko 87.000 euro…
Amaitzeko, esan azken urte honetan diru laguntzak lortzeko lan handia egin dela eta ohiko diru laguntzez gain, aurrera eraman ditugun proiektuei esker hurrengo diru laguntzak lortu direla:
- Erein 2023: 300.000 euro ur saneamendu, bidegorri eta gas zerbitzurako.
- Erein 2024: 50.000 euro berritzeko falta diren farolak aldatzeko.
- Leader 2024: 150.000 euro estankoko lokala erosi eta oinarrizko obra egiteko.
- Eusko Jaurlaritzako Ingurumen diru-laguntzak: 41.000 euro Larrondoko basoak lehengoratzeko.
- Udal laguntza: 25.000 euro eskolako futbol zelaia berritzeko.
- GFA-ko bidegorrietarako diru laguntza: 100.000 euro bidegorrirako.
- GFA-ko baserri bideetako laguntza: 35.000 euro baserri bideak konpontzeko.
Honekin, esan behar da Amezketako Udalaren egoera ekonomikoa ona dela eta lanean jarraitzeko aukera ematen digula.
Azkenik, beste behin Amezketako Udaleko arduradunek garbi daukate herritarren diruaren kudeaketa gardena izan behar dela, eta horregatik, atsegin haundiz, diru publikoa zertan erabiltzen den edozeini behar diren azalpen guztiak emateko prest dago, hortaz, edozein amezketarri egiten zaio gonbitea, jakinmina izanez gero, udaletxera gerturatzeko eta behar dituen azalpen guztiak emango zaizkio.