Amezketako Udalak 2021. urtean 1.353.514 €ko aurrekontua izango du, eta horietatik, 350.000 €, guztiaren ia % 26, azpiegitura berriak sortzeko edo daudenak hobetzeko erabiliko dira. Honelaxe onartu berri du Udalbatzak aho batez , abenduaren 30ean, eguerdian egindako ohiko bilkuran. Esan baitere, 2020ko aurrekontuarekin alderatuz, 2021ekoa 34.654 €, % 2,5, gutxiago dela.

 

Iza ere, 2020an Covid-19ak eragindako egoera ekonomikoaren ondorioak finantza publikoetan eragina ere izan du eta 2021. urtean ere eragina izango du, hortaz dirusarreren jeitsiera, eta ondorioz aurrekontuaren jeitsiera 2020koarekin alderatuz. Halere, Amezketako Udalak esfortzu bat egin nahi izan du mahai gainean dituen egitasmoak aurrera eramateko, eta gastu maila nola edo hala mantentzeko.

 

Aurrekontuaren sarrerei dagokienez, diru-sarreren arloan, % 47 inguru Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantziaziorako Fondotik datos; ia % 29 udal zerga eta tasetatik, eta % 13 inguru, dirulaguntzetatik eta ondare aprobetxamentuetatik. Ehuneko hauek orokorrean 2020koak baino baxuagoak dira: adibidez, Aldundiko funtsa 65.000 eurotan jeitsi da eta dirulaguntzak ere 35.000 €tan ere jeitsi dira. Horegatik, eta badaezbada, gastuei aurre egiteko, lehen aldiz azken 10 urteetan, eta Gipuzkoako udal askok egingo duten bezalaxe, 130 mila euroko mailegu operazio bat aurrikusi da aurrekontuetan, inbertsio desberdinei aurre egiteko, eta urtean zehar aurrekontuaren garapen eta exekuzio maila  nola doananren arabera eskatuko da, osorik edo partzialki.

 

Aurrekontuaren gastuaren proportzioa berriz honakoa da: % 32 pertsonalari dagokion atala, % 31 ondasun eta zerbitzuen atala, % 8 diru transferentzien atala, hauen artean, Amezketako hainbat elkarteei edota Tolosaldea Garatzen, Tolosaldeako Mankomunitatea edo Tolomendiri, eta azkenik, % 1,9 maileguen amortizazio eta interesen atala. Azken kopuru hau ordainduta, Amezketako Udalak ez luke zorrik izango, baina goian esan bezala, ikusi beharko da 2021eko aurrekontuaren bilakaera eta mailegu bat hartzeko beharra.

Ehuneko hauei, goian aipatu bezalaxe, inbertsiotarako % 26 erantsi behar zaio, 2020an baino piskat baxuagoa, diru sarreren jeitsieragatik nagusiki.

 

2020ko aurrekontua egiterako garaian, Udalak irizpide nagusi bat izan du kontutan, Gipuzkoako beste zenbait herrik hartu izan dutena: lehen seihilabetean pandemiaren ondorioak eta arauetako mugakizunak kontutan hartzen dira eta urte arrunt batean antolatzen diren zenbait ekintza ez dira antolatuko. Aldiz, urteko bigarren seihilabetean egoera hobetuko eta normalizatuko den itxaropena dago eta beharbada udaleko ekintzen agenda ere bere horretara bueltatuko da.

 

Bestalde, Udalak lau helburu edo ildo nagusi hartu ditu kontutan 2021eko aurrekontuak egiterako garaian. Lehenengoa, eta azken urteotan bezalaxe, herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzea izango da, eta 2020an azken hilabeteetan, Urzabal auzoan dagoen Ierabizkar errota birgaitzeari ekin bazitzaion, 2021eko lehen hiruhilabetean lan hauekin amaitzea aurrikusten da, horretarako 190.000 € inguru inbertituz. Ierabizkar errota birgaitua Amezketako ondare eta turismorako gune berria izan dadila nahi da. Bestalde, 2020an herriko kaleetako argiteriari bultzada egokia eman ondoren, 2021ean ere zenbait puntu berritzen jarraituko du Udalak, 25.000 € bideratuz. Eta beste horrenbeste egingo da herriko zenbait kaleetako barandak berriztatzearekin, Ugarte auzoan 2020an egin bezala, beste 25.000 € bideratuz.

 

2020an behin Larrunarri pilotalekuko teilatua konponduta, 2021ean bertan eguzki plakak jartzeko asmoa dago, 20.000 € bideratuz. Horrela, Udalak energia berriztagarriak erabiltzeko beste urrats bat eman nahi du, garai berriek eskatzen dutenarekin bat lerrokatuta. Eguzki plaken azpiegitura ezarriko da eta urtetik urtera plaka kopurua haunditzeko asmoa dago. Azkenik, inbertsio desberdinei dagokienez, 2021ean Udalak asmoa du Beltzaren plazako eremua aisialdirako eta kirolerako azpiegiturak egokitzeko eta horretarako 40.000 € bideratuko dira.

 

Bigarren helburua, urtero bezalaxe, landa eremuko baserri bideak eta Larrondoko mendi publikoko azpiegiturak hobetzen jarraitzea da, horretarako 80.000 € inbertituz. Hirugarrena, egun Udalak eskeintzen dituen zerbitzu publiko desberdinen mantenu eta hobekuntzarekin jarraitzea izango da, kopuruak aurrekoak baino txikiagoak izanda, guztien batura kopuru garrantzitsua egiten dutenak.

 

Eta udal aurrekontuen laugarren eta azken helburu nagusia Amezketako saneamendu eta bidegorrian urrats berriak ematea izango da. Azken hilabeteetan Gipuzkoako Foru Alduniko Obra Hidraulikoetako departamendua azpiegitura honen exekuzio proiektua idazten egon da eta aste gutxietan formalki onartuko da. Bide batez, Amezketako Udalari tokatzen zaio proiektuaren zenbait atal landu eta koordinatzea, 2022ko erdikaldetik aurrera obrak hasi ahal izateko. Hau esanda, edonork pentsa lezake epeak luzeegi jotzen dutela baina esan behar da horrelako azpiegitura batek administrazio desberdinetako baimen asko behar izaten dituela eta hori bideratzen hilabeteak pasa ohi direla.

 

Helburu nagusiak aipatuta, aurrekontuetan ere bestelako kopuruak agertzen dira, hainbat programetakoak, adibidez, 3. Adinekoen zerbitzuenak, Gazteleku eta udako ludotekaren zerbitzuetakoak, herritarren partaidetzari buruzkoak, Amezketan antolatzen diren festa eta ekitaldi kulturalei buruzkoak edo euskeraren erabilera bultzatzen jarraitzeko programetakoak. Hauekin batera herriko elkarte eta kirolariei dirulaguntzak ere daude aurrikusita eta esan behar da, orohar, 2020ko kopuruak mantentzen direla.

 

Amaitzeko, beste behin Udaletik gogoratu nahi zaie amezketar guztiei aurrekontuaren espedientea denen ikusgai dagoela Udaletxean, 15 lanegunetan, edozein herritarrak Udalaren kudeaketa ekonomikoaren nondik norakoak jakin ditzan, eta baitere, egoki ikusiz gero, iradokizun eta erreklamazioak egin ditzan. Amezketako Udaleko arduradunek garbi daukate herritarren diruaren kudeaketa gardena izan behar dela, eta horregatik, atsegin haundiz, diru publikoa zertan erabiltzen den edozeini behar diren azalpen guztiak emateko prest dago Udala.

 

AURREKONTUAK ZENBAKIETAN

 

SARRERAK

KAPITULUAK IZENDAPENA EUROAK
1 Zuzeneko zergak 201.750 €
2 Zeharkako zergak 55.000 €
3 Tasa eta bestelako sarrerak 145.600 €
4 Transferentzia arruntak 701.861 €
5 Ondare sarrerak 47.000 €
7 Kapital transferentziak 70.500 €
  Finantza pasiboak 131.803 €
SARREREN AURREKONTUA GUZTIRA 1.353.514 €

GASTUAK

KAPITULUAK IZENDAPENA EUROAK
1 Pertsonal gastuak 439.294 €
2 Ondasun arrunta eta zerbitzuak 425.955 €
3 Finantza gastuak       3.000 €
4 Transferentzia arruntak   109.405 €
6 Inbertsio errealak 350.000 €
9 Pasibo finantzieroak 25.860 €
GASTUEN AURREKONTUA GUZTIRA 1.353.514 €