Urtero legez, eta ikasturtearen hasierarekin batera, aurten ere Amezketako Udalak 2025-2026 ikasturtean euskara-ikastaroak sustatu eta eskualdean dagoen eskaintza jakitera eman nahi ditu. Era berean, duela hilabete batzuk informatu bezala, Udalak dirulaguntzak emango dizkie euskara ikastera animatzen diren herritarrei.
Ikasturte berriari begira, aste honetan, Tolosaldean lanean diharduten Aitzol eta AEKko euskaltegiek, 2025-2026 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkeztu eta abian jarri dute. Euskaltegi bakoitzak bere eskaintza azaldu du (euskara-mailaren araberako klaseen eskaintzak, herri bakoitzeko klaseen egutegi eta ordutegiak, euskaltegi bakoitzaren harremanetarako datuak, ea). Jarraian agertzen den estekan esandako eskaintzaren berri zehatza dago: https://ataria.eus/asteasu/1725371244361-izen-emateko-epea-zabaldu-dute-eskualdeko-euskaltegietan
Esan oinarrizko-, erdi- eta goi-mailako euskara-ikastaroen eskaintza zabala dagoela, Europako hizkuntzen markoaren arabera mailakatuta: oinarrizko mailak A1 eta A2 dira, euskararen ezagutzaren hastapenetan daudenentzat eta, behin gaindituta, 1. Hizkuntza Eskakizuna lortzen da; B1 eta B2 aldiz, erdiko mailakoentzat dira, eta B2 gaindituta 2. Hizkuntza Eskakizuna titulua eskuratzen da, lanbide askotarako aproposa; eta azkenik, C1 eta C2 maila aurreratuak daude, hurrenez hurren 3. eta 4. Hizkuntza Eskakizunei dagozkienak.
Amezketako Udalaren nahia da euskara ikasi nahi duten amezketarrek aukera izatea euskaltegi batean edo bestean izena emateko, ondoen datorkien ordutegian eta ikasketa modalitatean, eta matrikularen ordainketan laguntzea. Klaseak AEKko euskaltegietan edo Tolosako Aitzol Euskaltegian jaso nahi izanez gero, irailaren 20 arte izango da matrikulatzeko epea. Eta informazio gehiago nahi izanez gero, lasai Udalera hurbiltzea edo deitzea dago (943 653189), eta baita ere, Euskaltegietara deitzea dago zuzenean (Aitzol Euskaltegia, 943 651006; Andoaingo AEK Euskaltegia, 943 591704 edo 688746643).
Esan bezala, ikastaroetara aurkezten direnek dirulaguntza jasotzeko aukera izango dute, ondorengo baldintzak betetzen dituzten amezketarrak: 18 urte edo gehiago izatea, matrikula egiteko datan, HABEk onetsitako zentro batean matrikulatuta egotea, gutxienez %75eko asistentzia-maila izatea A1, A2, B1, B2 mailatan eta %80koa, C1 mailan, eta dirulaguntzen onuradun izateko inolako debeku-kausarik ez izatea eta zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta Amezketako Udalarekikoak egunean izatea.
Dirulaguntzaren zenbatekoa, berriz, ondorengoa da: A1, A2, B1, B2 mailatan matrikularen %100eko dirulaguntza jaso ahal izango da, 900 euroko gehieneko mugarekin; C1 mailan, matrikularen %80ko dirulaguntza jaso ahal izango da, 500 euroko gehieneko mugarekin; esan baita ere, C2 maila ez dela diruz lagunduko, ez eta barnetegi bateko egonaldiari dagokion gasturik ere.
Udalak onartutako sistema honen arabera, urtero, udazkenaren hasieran epe bat zabalduko da herritarrek aurreko ikasturteko matrikulazio gastuak diruz laguntzeko eskaera egin dezaten. (2024-2025 ikasturteari dagokionez, hurrengo asteetan Udalak epea zabalduko du ikasturteko martikularen dirulaguntza eskatzeko).
Amezketa herri euskalduna izaten jarraitzea amezketar guztien ardura da, dakitenek erabiltzea eta ez dakitenek ikastea, gero erabili ahal izateko. Baina era berean, euskaraz dakitenen ardura da ez dakitenei eta ikasten ari direnei bultzadatxo bat ematea, eta pazientziarekin eta modu errezean, tabernan, dendan, plazan… euskeraz ere zuzentzea, ikasten ari direnak animatuz eta bultzatuz.