Gaurtik hasita eta irailaren 25 arte Amezketako Udalean dirulaguntza eskatu dezakete joan zen ikasturtean euskara ikasi zutenek eta horregatik euskaltegi homologatuetan gastua izan zutenek.

Duela hilabete batzuk informatu bezala, Udalak euskarako klaseak diruz laguntzeko sistema aldatu zuen, eta lehen matrikulak zuzenean ordaintzen bazituen, orain ikasleak ordaindu behar izaten ditu eta ikasturtea amaitzean Udalari dirulaguntza eskatu beharko dio.

Esan bezala, ikastaroetara aurkezten direnek dirulaguntza jasotzeko aukera izango dute, ondorengo baldintzak beteta:

  • 18 urte edo gehiago izatea, matrikula egiteko datan.
  • HABEk onetsitako zentro batean matrikulatuta egotea eta gutxienez %75eko asistentzia-maila izatea A1, A2, B1, B2 mailatan eta %80koa, C1 mailan.
  • Dirulaguntzen onuradun izateko inolako debeku-kausarik ez izatea.
  • Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta Amezketako Udalarekikoak egunean izatea.

Dirulaguntzaren zenbatekoa, berriz, ondorengoa da: A1, A2, B1, B2 mailatan matrikularen %100eko dirulaguntza jaso ahal izango da, 900 euroko gehieneko mugarekin; C1 mailan, matrikularen %80ko dirulaguntza jaso ahal izango da, 500 euroko gehieneko mugarekin; esan baita ere, C2 maila ez dela diruz lagunduko, ez eta barnetegi bateko egonaldiari dagokion gasturik ere.

Udalak onartutako sistema honen arabera, urtero, udazkenaren hasieran epe bat zabalduko da herritarrek eskaera egiteko aurreko ikasturteko matrikulazio gastuak diruz laguntzeko. Horrela, aurtengo ikasturtean euskara ikasten dutenek hurrengo urtean eskatu ahal izango dute dirulaguntza.

Dirulaguntza eskatzeko eskaera-orri bat bete behar da eta Udalean aurkeztu, bertan agertzen diren agiriekin batera, bertaratuta, posta bidez edo web orrian dagoen errejistro elektronikoaren bidez.