2006an onartu zen Plan Orokorrak Jauregi Haundiko eremua zehaztu zuen Amezketan etxe berriak egiteko gune nagusi gisa. Garai hartan onartu zen hirigintza jarduketa eremua, lotuta zegoen Jauregi Haundi eraikineko eranskina botatzearekin, bertatik bidegorria pasa ahal izateko. Garaiko jabeekin adostu zen, etxe berriak egitearen truke, eranskin osoa bota beharko zutela, kalte-ordainik jaso gabe, eta eranskina botatzearen kostea jabeek ordaindu beharko zutela.
Geroztik, bi arrazoi nagusigatik, oraindik garatu gabe jarraitzen du: 2008ko krisi ekonomikoa eta Jaurlaritzak onartutako uholdegarritasun legea.
2008ko krisi ekonomikoa pasa bazen ere, bertan aurreikusitako etxe gehienak 100 urteko uholdegarritasun eremuan zeuden, eta proiektua modu horretan ez zen bideragarria.
Orain, hirigintza-eremua egokitu eta bidegorrirako eranskina botatzeko hitzarmen berria sinatu du Udalak oraingo jabeekin. Hitzarmen berri honetan adostu da, uholdegarritasun eremuan dauden etxeak lekuz mugitu eta hirigintza eremua moldatzeko plan partzial bat egitea. Hirigintza eremu berritu hau hiru fasetan garatuko litzateke eta hurrengo 15-20 urtetarako Amezketako etxebizitza berrien beharrak aseta geldituko lirateke. Lehen faseak lur azpiko garajedun 21 etxebizitza libre eta 12 etxebizitza tasatu egitea hartzen ditu bere baitan eta legealdi honetan lehen fase honetako obrekin hasteko moduan izatea jarri du Udalak helburutzat.
Plan partzial hau onartzeko prozesua luzea da, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako hainbat arlotatik pasa behar baitu, eta prozesu honen faseak eta hirigintza hitzarmenean adostu dena ondo azaltzeko bilera bat egingo da hurrengo ostegunean, azaroak 9, kultur etxeko areto nagusian 19:00etan.
Bidegorrirako lurrak eskuratzeko prozesuari dagokionez berriz, Udalak esku-zabal jokatu nahi izan du afektatuak izango diren lur-jabeekin. Horren adierazle garbiena da lur-jabe guztiekin adostasuna lortu izana, eta Jauregiko eranskinaren kasuan, eranskin osoa bota beharrean karretera aldera dagoen zatia soilik botatzea adostu da, eta jabeek kalte-ordaina jasotzeaz gain, botatzearen kostua Udalak ordainduko du.