AMEZKETA BIDE LUZE BEZAIN MALKAR
Herri txikietako arazoak handiak izaten direla esaten da sarritan, gaiztoz, maliziaz. Edozer lortu nahi dela ere, esaera hori anka-motz geratuko litzateke honako hau erantsiko ez balitzaio: herri txikietako istorioak argigarriak dira oso eta deigarriak, edozein alderditik begiratzen diegula ere. Hori ikus daiteke AMEZKETA bide luze bezain malkar liburuan. 2005an argitara eman zen. Herritar bat baino gehiago harri eta zur utzi zuen liburu mardulak, inoiz ez baitzitzaien burutik pasa hainbeste kontakizun egon zitekeenik herriko gorabeheren gainean.
Txantxangorriak udaberrian egiten duen habiaren pareko da liburu hau. Txantxangorriaren habia ezin izan handia, baina ongi begiratuz gero, txotx eta belar izpi kontaezinez osaturik dagoela ohartuko zara. Amezketari bere historian gertatu zaizkion gorabeheren ispilu izango lirateke txotx eta belar izpi horiek. Liburua eskuetan edukiz gero, berehala jabetzen da irakurlea, Amezketak, bere neurrian, historiak ahaztu ez dituen zenbait gertaeraten parte hartu ahal izan duela, batzutan zeharka eta beste batzuetan, bete betean, zuzenki. A, gure herrian kabi deitzen diogu txantxagorriaren pausalekuari.
Liburuak dakarrenez, XIV. mendekoak dira Amezketari buruzko lehenengo aipamenak. Ziur aski, Jauregi Haundi deituraz gaur egun ezagutzen dugun leinuak, familiak eman zion herriari bere izena. Gipuzkoako Ahaide Nagusien historian protagonismo nabarmena izan zuen Amezketako leinuak. XVI.mendeak Argañarastarren aztarnak utzi dizkigu. Europan eta Ameriketan burrukatu ziren fortunaren bila.
XVII. mendetik izen propio bat nabarmenduko dugu: Juan de Amezketa. Miguel de Cervantesen El Quijote irakurri duenak ikusiko zuen liburua argitaratzeko baimena Juan de Amezquetak emana dela, hori bai, Felipe IIIren aginduz. Ez zen Juan jaiotzez amezketarra, baina Jauregi Haundi eraikinaren jabe eginik, hauxe zen bere ondasunik preziatuena. Bistakoa denez, gure jaioterriaren oiartzuna lau haizeetara zabaldu duena El Quijote novela paregabea da. “Por mandado del rey nuestro señor, Juan de Amezqueta”. 1604koa da sinadura hau, nahiz eta nobelak hurrengo urtean argia ikusi.
XVII.mendearen bigarren zatian, Huartetarrak aipatu behar ditugu. Martin de Huarte izan zen Gipuzkoak ezagutu zuen lehendabiziko inprimitzailea. Bere bi semeak, Pedro eta Bernardo, lantegi horretan jardun ziren. Adituen ustez, Pedro de Huarte izango litzateke Euskal Herriko lehen kazetaria.
XIX. mendean hiru izen propia dira azpimarratu beharrekoak: Fernando Amezketarra, Juan Ignacio Zabala eta don Juan Ignacio de Urretabizkaia, azken hau Amezketako Erretore liberala zen. Hirurak, mutur muturreko bertsolariak. Aldi hartan, hemeretzigarren mendearen hasieran, bertsolaritzaren bihotza Amezketan zegoen. Egia esan, Fernando izan da herriaren oroimenean geratu dena, baina Zabala eta Urretabizkaiak ere oso pertsonaia biziak eta interesgarriak dira.
Liburuak, noski, artzaintzaren alorra jorratzen du, kirolarena egiten duen bezala. Amezketan aspaldikoa da ardiaren inguruko kultura. Aralar mendiari asko begiratu izan dion herria baita. Desafioaren joera ere gogotik sustraitua egon da: kargajasotzaileak, korrikariak, pilotariak…Albitzuri Haundi harria famatua izan da kirolzaleen artean.
Kristautasunaren historiak Amezketan utzitako ondareari, izen propioei, emigrazioari eta abarri begiratszen dio liburuak bere orrialdeetan. Amezketari buruzko datuak behar dituenarentzako ezinbestekoa da.