Udal hauteskundeak eta gero, abian da dagoeneko 2019-2023 agintaldi berria. Ohikoa izaten da agintaldiaren hasieran, eta zinegotzi asko berriak izanda, udalaren lan arlo desberdinetako ardurak banatzea eta udal antolamenduan zenbait neurri hartzea.

 Horretarako, eta lehenik eta behin, legez Alkateari dagokio Alkateordea izendatzea eta ardurak banatzea. Eta egun batzuk beranduago, Udalbatzarrari dagokio beste neurri batzuk finkatzea, hala nola, ohiko udalbatzarraren eguna eta ordua, informazio batzorde orokorraren eguna eta ordua, Alkatearen dedikazioa eta ordainsaria, eta Udalaren ordezkaritzak izendatzea eskualdeko hainbat mankomunitate eta elkarteetan.

 Alkateak, ekainaren 17ko Ebazpenaren bitartez Mikel Arteaga zinegotzia izendatu zuen Amezketako Alkateorde, eta ekainaren 25eko Ebazpenaren bitartez, udaleko lan arloetako ardurak banatu zituen zinegotzien artean, ondorengoak direlarik:

 – GIZARTE ZERBITZUAK ETA 3. ADINA: Alaitz Labaien Tolosa zinegotzia, eta ondorengo gaiak barnebiltzen ditu: Jubilatuen txokoa, Giza Larrialdiko Laguntzak, herritarren behar bereziak, osasun publikoa, eskualdeko mapa soziala, inmigrazioa…

– GAZTERIA: Mikel Arteaga Zabala eta ondorengo gaiak barnebiltzen ditu: Nerabeen ludoteka, Gaztematika, Ospelarekin harremanak…

– KULTURA: Iñaki Arandia Odriozola eta ondorengo gaiak barnebiltzen ditu: Herriko festak, agenda kulturala…

– BERDINTASUNA: Alaitz Labaien Tolosa eta ondorengo gaiak barnebiltzen ditu: Berdin bidean herri txikiak programa, martxoaren 8ko eta azaroaren 25eko antolaketa…

– UDAL KOMUNIKAZIOA: Mikel Arteaga Zabala eta ondorengo gaiak barnebiltzen ditu: Udala eta herritarren arteko harremanak, partaidetza, prentsa oharrak, web orria eta app…

– EUSKERA: Iñaki Arandia Odriozola eta ondorengo gaiak barnebiltzen ditu: Euskerako klaseen antolaketa, euskera planen jarraipena, herriko eskeraren sustapena…

– LANDA EREMUA: Miren Arantzazu Karrera Karrera eta ondorengo gaiak barnebiltzen ditu: Nekazal inguruko partaidetza, Jan Tolosaldea programa, landako azpiegituren jarraipena, auzolana…

– HEZKUNTZA: Mikel Arteaga Zabala eta ondorengo gaiak barnebiltzen ditu: Zumadi eskolarekin harremanak, Haurtzaindegiko hezitzaileekin harremanak, udaleku irekiak…

– TURISMOA: Mikel Arteaga Zabala eta ondorengo gaiak barnebiltzen ditu: Herriko turismoa sustatzeko ekimenak…

– KIROLA: Mikel Arteaga Zabala eta ondorengo gaiak barnebiltzen ditu: Herriko kirola sustatzeko ekimenak, kiroleko eragileekin haremanak…

– INGURUMENA: Miren Arantzazu Karrera Karrera eta ondorengo gaiak barnebiltzen ditu: Jasangarritasuna, eskualdeko energi plana, energia berriztagarrien sustapena…

– HIRIGINTZA eta OBRA ETA ZERBITZUETAKO arloak aldiz Alkatearen esku geratzen dira, eta berak kudeatuko ditu gai hauek.

 Joan zen uztailaren 5ean egindako Udalbatzarrean berriz, besteak beste, ondorengoak erabaki ziren: Udalbatzarra eta Informazio Batzorde Orokorra, aurreko urteetan bezalaxe, hilabeteko azken ostegunean eta astelehenean izango direla, hurrenez hurren, baina arratsaldeko 7etan, eta ez 8ak edo 8.30etan, azken urteotan izan den bezalaxe.

 Azkenik, esan behar da Alkateak lehengo dedikazio eta ordainsari berarekin jarraitzen duela, hau da, % 46ko dedikazio partzialarekin eta 1.754,71 €ko ordainsariarekin, kopuru gordina hauxe eta 14 hilekotan. Zinegotzi guztiek berriz hileko 100 €ko kalteordaina izango dute, lehen bezala, udalbatzarretan eta batzordeetan parte hartzeagatik.