Amezketako Udalak ariketa fisikoa modu egoki batean egiteko jarraibide eta aholkuak azalduko dituen hitzaldi bat antolatu du, ostiralean, maiatzak 24, arratsaldeko zazpietan eta Kultur Etxeko aretoan.
Martxoaren bukaeran gimnasio berria zabaldu zen eta dagoeneko 60 bat amezketar dira bazkidetza egindakoak eta gimnasiora hurbiltzen direnak ariketa fisikoa egitera. Eguneko edozein momentutan ikus daitezke herritarrak zinta egiten, txirrindu estatikoan edo eliptikak erabiltzen. Halere, zenbait bazkidek Udalari gimnasioko makinak erabiltzen erakusteko hitzaldi bat egiteko iradokizuna luzatu diote eta Udalak ontzat hartu du ideia.
Hortaz, ostiralean Gipuzkoan hainbat kiroldegien kudeaketa eramaten duen BPXport enpresa espazializatuko kirol monitore batek ariketa fisikoa modu egoki batean egiteko jarraibide eta aholkuak azalduko dituen hitzaldi bat emango du. Hitzaldia bi zatitan banatuko da: lehen zatia teorikoa izango da eta ariketa fisikoaren maiztasuna, beroketa egitearen garrantzia, adin bakoitzari dagokion ariketa fisikoaren nondik norakoak, luzatze edo estiramentu ariketak nola eta noiz egin eta bar jorratuko da; eta bigarren zatian, berriz, gimnasioan bertan makina bakoitzaren ezaugarriak eta erabilpenak bertan ikusi eta ikasi ahal izango dira.
Amezketako Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu, gimnasioaren bazkide izan ala ez izan, hitzaldian parte hartzeko, goian esan bezala, maiatzaren 24an, arratsaldeko zazpietan eta Kultur Etxeko aretoan.