Asteazken arratsaldean, martxoak 13, lau t´erdietan eta Kultur Etxeko 2. solairuko gela polibalentean, Berdintasuna eta Genero Ikuspegiaren gaia jorratzeko 2. saioa egingo da, eta Amezketako herritar guztiak, gizon nahiz emakume, gonbidatuak daude saioan parte hartzera.

2. saio honetan, aurreko saioan ateratako ondorioak oinarri hartuta… Zer behar dugu Amezketako emakumeok parte hartzeko? Nola sustatu dezakegu berau? Galderak abiapuntu hartu eta Amezketari dagokion hausnarketa propioa egitea izango da saioaren helburu orokorra. Horretarako norberak izan dituen bibentzia edo bizikizun pertsonaletatik abiatuta, Amezketa herrian jarduera soziopolitikoari, herrigintzari edo herri mailari dagozkien gazi gozo edo indartu edo sahiestu nahiriko elementu kolektiboak identifikatzeko saiakera egingo da. Eta ondoren, arlo ezberdinetan (antolakuntza, partehartzea, egitaraua, zaintza, indarkeria sexista) garatu nahiko litzatekeena kokatu eta lortzeko estrategiak marrazten hastea izango da helburua. Guzti hau bideratzeko, saioan zehar bi dinamika praktiko garatuko dira.

Otsailaren 20an egin zen lehen saioan 6 pertsonek hartu zuten parte, denak emakumeak, eta Emagin ikerkuntza eta formakuntza feministako elkarteko ordezkari batek eraman zuen saioren dinamizazioa, eta hurrengoetan ere horrela izango da. Lehen saiora bertaratu zirenen esanetan, bertan esandakoak eta ikasitakoak interes haundikoak izan ziren, baina pena izan zen hain pertsona gutxi joan izana. Horregatik, amezketar guztiak animatu nahi dituzte 2. saio honetan parte hartzera.

Honekin guztiarekin, Amezketako Udalak gai hauek jorratzen jarraitzeko aukera sustatu nahi du amezketarren artean, eta goian esan bezala, martxoaren 13an, lau t´erdietan eta Kultur Etxeko 2. solairuko gela polibalentean egingo den saiora gonbidatu nahi ditu herritarrak, eta bide batez ere, martxoaren 8an ospatutako Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Amezketako emakume guztiak zoriondu eta herriari egiten dizkioten ekarpen guztiak eskertu nahi ditu bihotz bihotzez.