Amezketako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzaren eskutik, saio bat antolatu du otsailaren 20an, Amezketan gizon eta emakumeen arteko Berdintasuna eta Genero Ikuspegiaren gaia jorratzeko. Saioa Kultur etxeko aretoan izango da, arratsaldeko 5.30etan, 2-3 ordutako iraupena izango du, bertaratutakoen partehartzearen araberakoa, eta Amezketako herritar guztiak, gizon nahiz emakume, gonbidatuak daude saioan parte hartzera.

 Saioaren helburua, zehazki, Amezketan Berdintasuna nola egokitzen den eta nola egokitu beharko litzatekeen hausnartzen hastea da, bidea egiten hastea, eta horretarako Emagin ikerkuntza eta formakuntza feministako elkartetik ordezkari bat bertaratuko da, arlo honetan aditua eta aholkularia, gaia dinamizatu eta elkarrizketa eragin eta bideratzeko.

 Berdintasun eta Genero Ikuspegiaren arloan, somatzen da Amezketan emakumeen errealitatea txikia baina anitza dela: herria txikia izanik, era berean, heldu eta gazteen artean mentalitatea erabat desberdina da, eta beste horrenbeste, landa eremuko emakumeena edo herrigunekoen emakumeena. Tradizioak pixu asko du gure herrian, eta beharrezkoa da tradiziotik haratago, errealitate hauen inguruan hausnartzen hastea, beste eredu batzuk ezagutzen hastea, Genero Ikuspegia itsasten joatea emakumeen gizatalde desberdinetan, gizonezkoekin harreman motak identifikatzea, eta azkenik, zubiak eraikitzea emakumeen gizatalde hauen artean, eta gizonezkoen artean.

 Beraz, Amezketako emakume eta gizonak aktibatzeko hausnarketa batekin hastea beharrezkoa da. Gerora, hortik sortutako ekimen posibleetan beste urrats batzuk eman daitezke (espazio fisiko berezia dela, ekintza zehatzak direla, ikastaroak direla, gizonezkoentzako tailerrak direla, eta abar luze bat…), baina hasiera batean hitzegiten hasi beharko dira gizon eta emakumeak heuren artean, edo gizonak heuren artean, edo emakumeak heuren artean, diagnostiko bat egiteko, animazio lan bat egiteko, hausnarketa lan bat egiteko…

 Honekin guztiarekin, Amezketako Udalak gai hauek jorratzeko aukera sustatu nahi du amezketarren artean, eta goian esan bezala, otsailaren 20an, Kultur etxeko aretoan eta arratsaldeko 5.30etan egingo den saiora gonbidatu nahi ditu herritarrak.