Herritar estimatu hori:

 Amezketako udalerrian hondakinen tratamendua hobetzeko urrats asko eman dira azken urte hauetan. Horretarako, zenbait eremuetan kontenedore desberdinak jarri dira gaikako bilketa sustatzeko eta ahal den zerbitzu garbiena eta txukunena eskaintzeko amezketarrei.

 Urtearen hasierarekin batera, gainera, kontenedore edo edukuontzi berriak jarri dira herriko hainbat guneetan, lehengoak ordezkatuz edo berriak jarriz. Hurrengo egunetan gainera, edukiontzi guztiak «gia» baten gainean jarriko dira, lurrean enkajatuta, haizeteek mugitu ez ditzaten kontenedoreak, eta aurrerantzean edukiontzi guztiak identifikatuta egongo dira, bilketa maiztasunaren berri izateko eta sortzen den zaborraren pisua jakiteko, denok jakin dezagun zenbat zabor sortzen dugun zehazki, eta horren aurrean kudeaketa hobeago bat egiteko zaborren arloan.

 Edukiontzi edo kontenedore berrien jartzearekin ordea herrian zehar zenbait herritarren jarrera desegokiak ikus ahal izan dira, beste behin ere, zaborrak kontenedoreetan botatzeko orduan eta zaborren sailkapena modu egokian egiteko orduan: kontenedore horira joan beharko lirateken hondakinak errefuxako kontenedorean botata agertu dira, eta organikora joan beharko luketen zenbait janari eta animalien hondar pixoihalen kontenedorean azaldu dira. Udaletxearen behe solairuan dagoen ontzian utzi beharko liratekeen etxetresna elektriko batzuk ere herrian zehar botata ere agertu dira. Atentzio berezia merezi du San Martineko kontenedoreetan gertatu dena egunotan, ardi larruak eta belar bolen sokak agertu direlako edukiontzietan, egon behar ez luketen lekuetan. Jarrera hauek ez datoz bat hondakinen bilketa txukun eta egoki batekin.

 Arazo hauetaz gain, kartoiak eta zenbait zabor kontenedoreetatik kanpo ikus ahal izan dira, beharbada berriek lehengoak baino zirrikitu txikiagoa dutelako zaborra edukionzitara sartzeko garaian. Egungo edukiontzi berriek zuloak dituzte, mantenu hobeagoa dutelako, eta lehengokoen aldean, ez direlako puskatzen, hortaz, herritarrek kontu haundiagoa izan beharko dute aurrerantzean kartoiak tolestu eta kontenedoreetan sartzeko, edota plastikozko ontziak poltsa egokietan edo banan bana botatzeko. Azken finean, kontenedore edo edukiontzi bakoitza zertarako den errespetatu egin behar da guztion onerako.

Azken urteotan, Amezketako Udala jarrera desegoki baten jakitun izan denean jarrera hori erakutsi duen pertsonarekin hitzegin izan du jarrera hori ohartarazteko, eta hitzeginez eta borondate onarekin azaroak konpondu eta zuzendu izan dira, eta Udalak bidea hori dela uste du.

 Amaitzen joateko, Udaletik gogoratu nahi da hilero bi alditan, altzari eta traste zaharren bilketa berezia egiten dela. Hilaren lehen eta hirugarren astelehenean traste zaharrak zaborbilketa gunera atera behar dira eta bilketa hurrengo egunean, asteartean egingo da, eta bilketa hori egin dadin beharrezkoa da aurrez 943.67.62.16 telefonora deitzea, ateratako zaborren eta lekuaren berri emateko.

 Eta esan ohi den bezalaxe, irudi batek mila hitz baino gehiago balio duelako, gutun honekin batera argazki batzuk doazkizue, agerian jartzen dituztenak aipatu jarrera desegokiak, herritar guztiok honen inguruko hausnarketa bat egin dezagun.

 Garaiz gaude, beraz, borondate onez denok gure apurtxoa emateko denon onerako, gauzak bide zuzenetik bideratzeko eta ematen diren praktika eta ohitura txarrak alde batera uzteko. Egin dezagun zaborren sailkapena modu egokian.

 Eskerrik asko zure arretagatik eta jaso ezazu agur bero bat.

 Amezketan, 2019ko urtarrilaren 24an.

 Iñaki Amundarain Tolosa, Alkatea