Amezketako Udalak, urtearen hasierarekin batera, bere alguazilen zerbitzuak berregituratu ditu eta planifikazio berri bat jarri du abian, herriko kale, azpiegitura eta bideetako mantenu eta txukunketa hobeago bat lortzearren.

Udala, azken urteotan, giza baliabideen inguruko antolamenduari dagokionean, etengabe dabil hainbat neurri hartzen herriko zenbait zerbitzu publiko hobetze aldera (gizarte zerbitzuetan, gazterian, idazkaritzan…), eta oraingoan Udalak, Amezketako herria, espazio fisiko bezala hartuta, egoki ikusi du, udal bi alguazilek burutzen dituzten funtzioak eguneratzea eta hobeto zehaztea. Izan ere, herrian behar diren zerbitzu desberdinak (argiteria dela, iturgintzako gaiak direla, edota igeltseritzako konponketak direla…) geroz eta espezializazio haundiagoa eskatzen dute, eta honetaz jabetuta, lanak ondo banatu behar dira gaur egun udalak dituen baliabideen artean eta kanpoko baliabideen artean.

Honen bitartez, planifikazio berriaren ordutegia herritarren ezagutzara jartzen da, amezketarrek jakin dezaten beren inguruan noiz dagozkien garbiketak, zaborren bilketak eta zenbait konponketa burutzea. Ohikoa baita, eta egokia da, herritar batzuk udaletxera deitzea beren auzoan dauden beharrak adierazteko, baina orden eta eraginkortasun haundiagoa izateko, ona da baitere planifikazio bat egotea herrian.

Honekin guztiarekin, jarraian astelehenetik ostiralera udal alguazilek izango duten ordutegia zehazten da:

Egunero:

+ 8:00 – 8:30, Udaletxe-frontoi sarreraren txukunketa.

+ 14:30 – 15:00, Organikoaren bilketa.

Astelehena:

+ 8:30 – 10:30, Eskolen garbiketa.

+ 10:30 – 12:30, Zaborbilketa orokorra.

+ 12:30 – 14:30, Hirigunearen garbiketa.

Astearte eta asteazkena: 8:30 – 14:30

+ hilaren lehen astean: Garbiketa Sasturrain – kanposantua ingurua.

+ hilaren bigarren astean: Garbiketa Ametza – Zubillaga ingurua.

+ hilaren hirugarren eta laugarren astean: Bestelako lanak.

Osteguna:

+ 8:30 – 10:30, Zaborbilketa orokorra.

+ 10:30 – 12:30, Ugarte auzoko garbiketa.

+ 12:30 – 14:30, Konposta guneen belar eremua.

Ostirala:

+ 8:30 – 14:30, Hirigunearen garbiketa.

Esan bezala, hauxe da urtearen hasierarekin batera abian jarri duen ordutegi berria, baina ordutegia egokitu beharko balitz beharrei hobeto erantzuteko, Udalak egoki ikusten dituen aldaketak egingo ditu.

Baina baitere, eta amaitzeko, esan behar da, Amezketa txukun izatea amezketar guztien betebehar eta erantzunkizuna dela, ez baita garbiagoa gehien garbitzen duena, gutxi zikintzen duena baizik, eta astero ikusten fruita eta pipa azalak eta plastikozko zorro eta boteilatxoak, Beltzaren plazako jolastokian, Larrunarri pilotalekuan eta herriko plazan. Hortaz, Udalak, beste behin ere, dei egiten die amezketar guztiei herria txukun izan dezaten, eta baitere, seme-alabak dauden familietan ere, garbiketa heziketaren hausnarketaren barruan ere hitz egin dadin.