Udalak Ergoiena auzotik San Martinera doan bidean abiadura moteltzeko 4 erresalto edo irtengune jarri ditu. Bide honetan ibilgailu asko ibili ohi da, bertako auzotarrak direnak edo San Martingo parkera doazenak, eta hauetatik, badira batzuk, nahi baino gehixeago, behar luketen abiadura baino haundiagoan doazenak, askotan, inguru horretako bizilagunen eta ibiltzera doazen oinezko pertsona askoren segurtasuna arriskuan jarriz.

Arrisku egoera hauek direla eta, azken hilabeteetan zenbait pertsona hurbildu dira Udalera ibilgailuen abiadura moteltzeko neurriak eskatuz, eta ondorioz, Udalak, 4 erresalto edo irtengune jartzeko erabakia hartu du. Udalak nahiago luke sentsibilizazioaren bidetik jotzea eta horrelako oztoporik ez jartzea, neurri hauek eragozpena eta enbarazua sortzen baitituzte inguruko bizilagunengan, baina ez da beste erremediorik egon, motel eta arduratsu joateko esateak kasu askotan ez baitu emaitzarik, zoritxarrez.

Hortaz, eta amaitzeko, Udalak deia egiten die inguru horretan ibilgailuan dabiltzan herritarrei abiadura haundian joateko ohiturak aldatzeko eta abiadura baretzeko, gerora damua ekarriko duen ezbeharrik gerta ez dadin.