AMEZKETAKO LARRUNARRI PILOTALEKUAREN BERRIZTATZE LANEN HASIERA.

Hurrengo astelehenean, abenduak 11, Amezketako Larrunarri pilotalekuaren berriztatze lanak hasiko dira Lan hauek 7-8 aste iraungo dituzte (haieran aurrikusita zegoen baino 2 aste gutxiago) eta Gasteizko Indenort PV SL. enpresak burutuko ditu. Enpresa honek irabazi zuen lizitazioa beste bi enpresen aurretik, eta adjudikazioa edo esleipena 314.542,51 €ko (BEZ barne) prezioan egin zen.

Burutu beharreko lanak ikusirik (harmailak berritu, instalazio elektrikoa berritu, frontoiko paretak berriro pintatu….) Udalak, obraren zuzendaritzarekin batera, Larrunarri pilotalekua osorik ixtea erabaki du lanak irauten duten bitartean, lanen garapen egokia eta, batez ere, herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz. Ondorioz, Gaztelekuko jarduera Haurtzaindegi zaharrean burutuko da, eta frontoiko ohiko jarduerak, entrenamenduak eta partiduak barne, herriko beste pilotalekuetan egin ahal izango dira.

Baitere aipatu behar da herriko plazan frontoi ondoko eremu batzuk erreserbatuko direla enpresaren ibilgailuentzako eta material eta hondakinen pilaketarako Eta baitere, eta amezketar asko dagoeneko ohartu ahal izango ziren bezalaxe, Udalak herriko plazan karpa bat jarri du, obrak irauten duten bitartean, herritarrek gutxienez aterpe bat izateko.

Amaitzeko, bakarrik esan herritarrei pazientzia eskatzen diela Udalak, azken finean, pilotaleku berritua izateak, zalantzarik gabe, pena mereziko baitu hurrengo bi hilabetetako eragozpenei aurre egiteak.