Amezketako Udalak 2019. urtean 1.337.963 €ko aurrekontua izango du, eta horietatik, 502.000 €, guztiaren % 37, azpiegitura berriak sortzeko edo daudenak hobetzeko erabiliko dira. Honelaxe onartu berri du Udalbatzak, abenduaren 28an, eguerdian egindako ezohiko bilkuran. Esan baitere, 2018ko aurrekontuarekin alderatuz, 2019koa 1.000 € gehiago dela.

Aurrekontuaren sarrera eta gastuei dagokienez, diru-sarreren arloan, % 53 inguru Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantziaziorako Fondotik datoz, ia % 27 udal zerga eta tasetatik, eta % 16 inguru, hirigintza aprobetxamentuetatik eta beste ondare sarreretatik.

Aurrekontuaren gastuaren proportzioa berriz honakoa da: % 26 pertsonalari dagokion atala, % 29 ondasun eta zerbitzuen atala, % 5 diru transferentzien atala, hauen artean, Amezketako hainbat elkarteei edota Tolosaldea Garatzen, Tolosaldeako Mankomunitatea edo Tolomendiri, eta azkenik, % 1,9 maileguen amortizazio eta interesen atala. Azken datu hau, berez baxua izanik, iazkoa baino puntu bat txikiagoa da, eta orohar esan behar da, gastuen atalean azken urteotako proportzioak mantentzen direla eta egoera honek garrantzi haundia du udalaren diru kontuetan, orekak eta gastuen eragingortasuna mantentzen direlako eta gastu berriei aurre egiteko gaitasuna gordetzen delako. Ehuneko hauei, goian aipatu bezalaxe, inbertsiotarako % 37 erantsi behar zaio.

2019ko aurrekontua egiterako garaian, Udalak 4 helburu edo ildo nagusi hartu ditu kontutan. Lehenengoa, herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzea izango da, eta 2019an herriko kaleetako argiteri publikoa berriztatzeari lehentasuna eman zaio, 80.000 € inguru inbertituz, eta era berean, Amezketako Urzabal auzoan dagoen Irebizkar errotaren berriztapenari ekingo zaio, lehen fase baterako 140.000 € bideratuz. Bestalde, Zumadi eskolako argindarra berriztatzeko 25.000 € bideratu dira, Beltzaren plazaren kirol azpiegitura hobetzeko, 50.000 € daude, eta kale txukunketetarako eta Ugarte auzoko egokitzapenetarako 30.000 € jarri dira.

Bigarren helburua Amezketako Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraren prozesuarekin jarraitzea da, hirugarren urtez, eta 2019an AHAPOri hasierako onespena ematea aurrikusten da eta horretarako 42.000 € erabiliko dira.

Aurrekontuaren hirugarren helburu edo ildo nagusia, landa eremuko baserri bideak eta bestelako azpiegitura txikiak hobetzen jarraitzea da, horretarako 80.000 € inbertituz, hauetatik 10.000 € auzolana indartzeko izango direlarik. Eta laugarrena eta azkena, egun Udalak eskeintzen dituen zerbitzu publiko desberdinen mantenuarekin jarraitzea izango da, kopuruak aurrekoak baino txikiagoak izanda, guztien batura kopuru garrantzitsua egiten dutenak, hala nola, jubilatuen txoko berria, haurtzaindegia, laster zabalduko den gimnasioa, kontsultorioa edo pilotalekuak. Amezketako Udalak azpiegitura eta zerbitzu hauek mantentzen eta hobetzen jarraituko du, amezketarren bizi kalitatean eragin zuzena baitaukate.

Guztion ezagutzarako, beste zenbait udal zerbitzuen kostuen aurrikuspenak ondorengoak dira: helduentzako etxez etxeko laguntza zerbitzuak 14.000 €ko kostua du (2018an baino txikiagoa, heldu onuradun gutxixeago daudelako), eta kopuru hau Amezketako Udalaren gastu sozialaren barruan sartzen da (3. Adina, gizarte zerbitzuak, beharrean daudenei bideratutako dirulaguntzak…) eta hau guztira, 72.812 € dira; Gazteleku eta udako ludotekaren zerbitzuak aldiz 44.340 €ko kostua dute; gizon eta emakumeen berdintasuna bultzatzeko, 2019an ere kopuru bat jarri da, 2.500 € zehazki eta Aldundiarekin zenbait jardunaldi bultzatuko dira, eta herritarren partaidetza bultzatzeko 6.000 euro bideratuko dira; azkenik, aipatu, Udalak euskeraren erabilera bultzatzen jarraituko duela, eta ekimen eta dirulaguntza desberdinen artean 23.200 € daude xede honetarako jasota.

Aurreko urteetan bezalaxe, Udalak gogoratu nahi die herritarrei, zabor bilketari dagokionez, zerbitzuaren kostu osoa 65.000 € ingurukoa dela (zaborren bilketa, kudeaketa eta tratamendua 42.000 € inguru, eta udal langileen kostea barne, 23.000 € inguru), baina era berean, azpimarratu behar da, udal tasaz aparte (Gipuzkoako herrietan baxuenetakoa, 42 € etxebizitzako, 100 €tik gora izanik Gipuzkoako beste herri haundietan), zaborra birziklatzeagatik Udalak 17.000 € inguru berreskuratzen dituela. Azken datu honek adierazten du, urtero esan ohi den bezala, amezketarren kontzientziazioari esker gai honetan kudeaketa efinzientea dela, alegia, zenbat eta gehiago birziklatu, zerbitzua are eta merkeagoa dela eta hori amezketar guztion jarreragatik dela orokorrean, nahiz eta puntualki oraindik ere jarrera desegoki batzuk mantendu zaborrak ontzi desberdinetara jaurtitzeko garaian.

Bestalde, esan amezketarrak Gipuzkoako Urak-i uraren ordainketa egiten dutenean Udalak erreziboaren zati bat ordaintzen duela hobari edo bonifikazio gisa, beste herrietan ez bezalaxe, eta hobari honek Udal Aurrekontuan 29.000 €ko kostua duela, 2018an baino 2.000 € gehiago, uraren prezioa azken urteotan igotzen joan delako.

Amaitzeko, beste behin Udaletik gogoratu nahi zaie amezketar guztiei aurrekontuaren espedientea denen ikusgai dagoela Udaletxean, 15 lanegunetan, edozein herritarrak Udalaren kudeaketa ekonomikoaren nondik norakoak jakin ditzan, eta baitere, egoki ikusiz gero, iradokizun eta erreklamazioak luza ditzan.